XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKALTZAINDIAREN EGOITZA HONEN HISTORIA

Bilbo, 1991-IV-26

Jose Antonio Arana Martija

Aspaldiko amets eder bat errealitate bihurtzen zaigu gaurko une honetan, 1991.eko apirilaren 26an.

Eusko Ikaskuntzaren lehen Biltzarrean Euskaltzaindia sortu zenean, Oñatin, 1918an, Erakunde honen Egoitza Bilbon jarri behar zela erabaki zen, Azkue lehen euskaltzainburua berton bizi zelako, behar bada, baina erakunde berriaren zereginen artean Euskal Herria euskalduntzeko agindua ematen ziolako eta nonbaitetik hasi beharrean gure herriaren hiri nagusitik hasi beharko zelako, noski.

Eta Bilboko Erribera kalean kokatu zen lehen Egoitza.

Jose Antonio Agirre Lekube Lehendakari hautatua izan zenean, zegokion begirunezko bisita egin zion Azkuek Carlton Hotelean, eta Euskaltzaindiaren lanez ondo konturaturik, zera esan omen zion Agirre jaunak:

Honztegi haretan zaudete oraindik?

Gerra irabazten dugunean, etxe duin eta itxuroso bat eraikiko diogu Euskaltzaindiari.

Ez zuen Agirrek gerra irabazi eta galtze horren sinbolismo gomutagarria gaur dugu bihotzetan Gernikako bonbardaketaren 54. urtea betetzen baita.

Baina orduko lehendakariak bete ezin izan zuen ametsa gaur burutzen duzue agintari agurgarriok.

Dagokionez, Jean Haritschelhar euskaltzainburuak eman dizkizue ordain eskerrak eta denoi dagokigu aurrerantzean ordain lana zuoi eta herriari ematea.

Zorionezko egun honetan eta behin betirako etxe eta Egoitza berri honetan gaudelarik, beronen historia egitea egokia eta bidezkoa dela dirudi, euskal ondare kulturalaren zati bat hasieratik bada, aurrerantzean, eta lehendabizi euskal kulturaren ardatza den euskararen santutegia izango baita.

Berrehun urtetik gora iragan dira Plaza Barri honen proiektua azaldu zenetik, 1786an.

Proiektu hori burutzeko agindua 1790ean eman zuten uriko agintariek, Alejo de Miranda arkitektoak eginkizun horren ardura hartu zuelarik.

Baina frantsesekin gertatu zen gerra luzeak bertan behera utzi zuen proiektuaren burutzea.

Hogeita hamar urtetan arazo hau geldi egon ondoren, plazaren barruko eta inguruetako orubeen jabeek proiektua bultzatzea erabaki zuten 1816an, eta irailaren 5ean Agustin Humaran arkitektoari agindua eman zion Udalak (...).